XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TXABOLZALETASUNAREKIN AMAITZEKO PROGRAMAK. DEBAKO ESPERIENTZIA

1991 urtean Debako Udala, Gipuzkoako beste batzuek bezelaxe, txabolzaletasun eta bazterkeria arazo bati aurre egin beharrean aurkitu zen.

Foru Aldundiak gutxiengo etnikoei buruz deituriko lan mahian prestatu zen Programa Orokorra bereganatu zuen Udal bakarra izan zen une hartan, eta beraz esperientzia hau programa piloto gisa eratu zen.

Gutxiengo etnikoak gizarterartzeko programak bost urte iraun du Deban: 1991ko martxoan hasi zen eta 1996ko uztailean amaitu da Programa berezi gisa.

Programa barruan egin dena zehaztu baino lehenago, zergatik eta zertarako sortu zen azaldu behar dugu.

1. TALDEAREN EZAUGARRIAK

Garai hartan Saturrarango Harrobian Portugaleko Trasmontano talde bat bizi zen: 44 pertsona ziren guztira, edo 8 familia beste era batera esanda.

Oso talde gaztea zen, batazbesteko adina 18/19 urtekoa bait zen.

Trasmontanoak Portugaleko ifarraldeko Tras-Os-Montes lurraldean dute jatorria.

Lurralde honetako etorkin asko dabil munduan, eta geihenak Espainiako ifarraldean kokatu dira, txabola guneak osatuz eta lan baztertuetan ihardunez.

Taldea oso baldintza berezietan bizi zen harrobian:

- Txaboletan pilatuta, argi, ur eta komunik gabe.
- Ume guztiak (13 ume) eskolatu gabe
- Heldu gehienak (%75) analfabetoak ziren
- Inork ez zuen prestakuntza profesionalik eta lan marginaletan aritzen ziren (algak, txatarra, etab,)
- Zortzi familietatik zazpik IMI eta AES laguntzak jasotzen zituzten Eskean ibiltzen ziren sarritan.

1991. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza eskaini zien horrelako arazoa zuten Udaleri interbideak aurkitzeko. Debako Udalaren ekimenak eta adoreak egin zuen posible asmo hori gauzatzea.

2. PROGRAMAREN EGITURAKETA

Zergatik jaio zen laburki azaldu ondoren, zer lortu nahi zen aipatuko dugu: pobrezia eta bazterketa egoeratik ateratzeko eta gainerako biztanleekiko aukera berdintasuna lortzeko. Horiek ziren helburu nagusiak.

Hartu ziren neurri garrantzitsuenak hauek izan ziren:

- Bederatzi etxebizitza prefabrikatu ezarri ziren harrobiaren jabearekin akordio batera heldu eta gero. Etxeekin batera beharrezkoa zen azpiegitura eraiki zen ur hornidura bideratu, argindarra jarri, lurra asfaltatu, prefabrikatuak jartzeko oinarriak prestatu, sarbidea egokitu, saneamendu eta fosa septikoa egin.